Egindako proiektuak

Artazu Bekoa

Artazu Bekoa

SURBISAKO Batzar Nagusiak, 2005eko apirilaren 28an eginiko bileran, udal elkarte honek Artazu Bekoako eremu degradatuaren hirigintza berregokipena kudea zezala onetsi zen.

Artazu Bekoa auzoa osatzen duten 8 blokeak eraikuntza irekikoak dira, berrogeita hamarreko hamarkadan eraiki ohi ziren bezalakoak; hormigoi armatuzko egitura dute, eta 24 atari eta eraikin bakoitzeko 5 solairu, hau da 240 etxebizitza, zeintzuen batez besteko azalera 60 m2 ingurukoa den. Hirigintza egoerari dagokionez, esan beharra dago Bilboko Hiria Antolatzeko Plan Orokorrera egokitzen direla, beraz, ez dago mugarik berregokitze lanak egiteko. Hala era, aipatutako plangintza horren Hirigintza Arauen 7.9.3. artikulua aplikatuz, eraikinek batera tratatuak izan behar dute osakuntza unitate bat eratzen dutelako; beraz, auzo osoak soluzio bakarra hartu behar du batik bat fatxadak eta estalkiak berregokitzeko garaian.

Artazu Bekoako eraikinen kontserbazio egoerari dagokionez, esan beharra dago guztiek dituztela antzeko kalteak, gainazaleko akabera egokirik ez dutelako eta aldizkako mantentze lanak egin ez direlako. Kalteok honako hauek dira:

  • Fatxadaren egoera txarra: zarpiatuak erorita daude, estaldurako hormigoia galdu da eta metalezko hagatxoak herdoilduta daude; hala ere, beheko solairuetan izan ezik, ez dago zartadurarik ez konkorrik.
  • Estalduretan teila batzuk apurtuta daude, besteak haizeak mugituta, baina, batez ere, teilatu-hegalen egoera txar samarra da, ganbelak eta euri-urak jaisteko zorrotenak direla eta.
  • Fatxadari lotuta eta modu desordenatuan doazen elektrizitate, telefono linea eta gas instalazioak.
  • Terrazen itxiturak eta arotzeri aldaketak nork bere kabuz egin ditu, eta horrek multzoaren uniformetasuna apurtzen du.

Auzoan bizi diren 513 lagunen gizarte alderdiari dagokionez, nabarmentzekoa da 65 urte edo gehiago izan eta bakarrik edo kide gutxiko familietan bizi direnen taldearen pisu erlatiboa (% 30,9); Errekaldeko gainerako eremuaren (% 24,2) eta Bilbokoaren aldean (% 21) handiagoa. Gainera, adin tarte honetan, emakumezkoen (% 71) eta gizonezkoen (% 29) kopuruaren arteko desoreka askoz handiagoa da gainerako adin taldeetan dagoena baino.

Aurreko guztia kontuan hartuta, eta eremu honetako eraikinen berregokitze lanak hasteko oztoporik handiena eraikinen kontserbazio lanetan jarraitu beharreko eraketa unitate eredua definitzeko garaian 240 etxebizitzen jabeen artean adostasun batera iristeko ezintasuna dela jakinda, SURBISAko Talde Teknikoa ondorio batera iritsi da; izan ere, aukera bakarra legoke kontu hau desblokeatzeko: geu izango ginateke epaile teknikoak ikuspuntu guztietatik soluzio tekniko onena zein izan daitekeen aztertzeko.

Horretarako, SURBISAk Irizpide Tekniko batzuk ezarri ditu, eta horiek kontuan hartuta idazten da Proiektu Bateratua. Irizpide horiek zehazteko, gure jardunaren arabera berme handiena eskaintzen duen eta, kostu aldetik, erdiko mailan dabilen soluzioa (ez merkeena, ez garestiena) hartu dugu oinarritzat. Eta, jakina, bulego honetan eginiko bileran, eraikin bakoitzeko 24 ordezkariei erakutsi zaizkie aurretiko adostasuna lortzeko. Osoki SURBISAk ordaindutako Proiektu Bateratu bat idazteak, horren kostua nabarmen merkatzeaz gainera, Jabekideen Elkarteei dagokienez kudeaketarako aukera garrantzitsua eskaini digu, eta SURBISAren esku-hartzea erraztu du eremu honetako berregokipenaren erabat bateratua izan dadin. Jarduketa hau berregokipen pribatua sustatzeko ondorengo neurrietan gauzatu da:

  1. - Artazu Bekoako 8 eraikuntza blokeetako fatxadak eta estalkiak berregokitu eta arotzeri eta terrazen tratamendua burutzeko Proiektu Bateratua idazteko guztizko kostua diruz laguntzea (Zuzendaritza Teknikoaren kostua Jabekideen Elkarte bakoitzak ordaindu beharko luke).
  2. - Plegu ereduei jarraituz, Artazu Bekoako eraikinen fatxadak eta estalkiak berregokitu eta aroztegiak eta terrazen tratamendua egiteko Burutzapen Proiektua idazteko Laguntza Teknikoa kontratatzea, lizitazioa baldintzapetuta: esleipendunak epe itxi batean eskainitako prezioan eraman behar du obren Zuzendaritza Teknikoa aurrera.
  3. - Artazu Bekoako etxebizitzen jabeek arotzeriak eta terrazak orain idatzitako Proiektu Bateratuan jasotako soluzio bateratuari jarraituta alda ditzaten Laguntza Berezien Araudia egitea.
  4. - Eusko Jaurlaritzak Eremu Degradatuetarako ematen dituen laguntzak aplikatu eta leihatila bakar gisa izapidetzea.
  5. - SURBISAren zuzeneko laguntza, inbertsioaren % 5ekoa, (BEZik gabe) komunitateko lanetarako.
  6. - Kaudimen ekonomikoa eta teknikoa egiaztatua duten Enpresa kontratugileen Poltsa sortu eta hautapena egitea, Auzokide Elkarteei lizitazio eta kontratazio kudeaketak errazte aldera.

Proiektuaren datuak