• Bilboko eraikin eta etxebizitzen birgaitzea kudeatzeaz arduratzen den Udal Sozietatea etengabe ari da lanean finantza-erakundeekiko lankidetzak indartzeko eta zabaltzeko.
  • Hitzarmen horri esker, auzokoen erkidegoek eta partikularrek aukera izango dute irtenbide ekonomiko pertsonalizatuak lortzeko.

SURBISA Bilboko eraikinen eta etxebizitzen birgaitzea kudeatzeaz arduratzen den udal-sozietatea da eta honako honetan, lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Laboral Kutxarekinudalak sustatutako birgaitze-obren finantzaketa errazteko.

Hitzarmena sinatu dute batetik, Jon Bilbao SURBISAko presidente eta Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotziak, eta bestetik, Alberto Garay Komunitateen Birgaikuntzako Negozioa Sustatzeko Laboral Kutxako arduradunak.

Surbisa etengabe ari da lanean finantza-erakundeekin lankidetzak indartzeko eta zabaltzeko, pertsona gehiagok izan dezaten aukera eraikinak konpontzeko gastuei aurre egiteko. Horrela, lankidetza-hitzarmenaren bidez, indartu egiten dute Euskadiko Kutxarekiko lankidetza. Hitzarmen horri esker, auzokoen erkidegoek eta partikularrek aukera izango dute konponbide ekonomiko pertsonalizatuak lortzeko, eta finantza-bazterketako egoeran dauden pertsonek ordaintzeko zailtasunei aurre egin ahal izango diete.

Jon Bilbaok azaldu duenez, “eraikinen jabeen erkidegoei beren birgaitze-eremuetan emandako laguntzan, askotan, ohartzen gara familia kalteberek obrak finantzatzeko arazoak izaten dituztela askotan. Horrelako hitzarmenak oso lagungarriak dira gizarte-kohesioaren ikuspuntutik; izan ere, obrak egiteko gehiengoaren oniritzia behar izaten da eta horrela, obrak ordaintzeko arazo larriak dituzten etxebizitzak bultzatzen dituzte”.

Bestalde, Alberto Garayk adierazi duenez, “Laboral Kutxa gizartearekin eta ingurunearekin konpromisoa duen erakundea da, bere hornitzaileen % 90 lokalak dira eta mozkinen % 25 gizartean birbanatzen dira. Hitzarmen honen bidez beste urrats bat egin nahi dugu, eta beren-beregi horretarako sail bat eta produktu bat sortu ditugu, herritarrei, jabeen erkidegoen bidez, etxebizitza jasangarria eta erosotasun-estandar handikoa izateko finantzaketa lortzen laguntzeko, baldintza oso onetan. Gure produktuaren bidez, orain arte gaindiezinak ziren zenbait zailtasun gainditzen lagunduko diegu “.

Sinatutako hitzarmenak urtebeteko indarraldia izango du, baina luzatu ahal izango da.

HIRI BERRONERATZEAREN SAILA ETA SURBISA

Hiri Berroneratzearen Sailak osotasunezko esku-hartzea sustatzen du urian; hau da, hiri-, gizarte- eta ingurumen-gaiei erantzuten dien esku-hartzea. Horrek esan nahi du, hiria birgaitzeaz gainera, badaudela beste alderdi garrantzitsu batzuk ere, hala nola mugikortasuna, espazio publikoa, suspertze ekonomikoa, kohesio soziala, hezkuntza, kultura, enplegua, etab.

SURBISA, bestalde, udal-sozietatea da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Udal-sozietateak eremu hauetan esku hartzen du: Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Olabeaga, Zazpilanda, Uribarri eta Uretamendi.

SURBISAk helburu bi ditu: alde batetik, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitatezko etxebizitzak eskaintzea, eta, bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. SURBISAren jardunaren helburua da bizi-kalitatea bermatzea, jarduera sustatzea, eta hirira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.