• Zehazki, Hiri Berroneratzearen Sailak aerotermia-sistemak eta eguzki-plakak instalatzen lagunduko die jabeen erkidegoei.
  • Laguntza horiek 2024 Lerro Berdea izenekoan kokatzen dira. Lerro hori hirugarren urtez eskaintzen du Udalak, SURBISAren bidez, Bilboko bizitegi-erabilerako eraikinetan energia-efizientziako irizpideekin birgaitze-obrak egitea sustatzera bideratuta.
  • Energia berriztagarriko iturriak instalatzeko aurrekontua 180.000 eurokoa da, eta dirulaguntza prezioaren % 50 izango da, esku-hartze mota eta eraikin bakoitzeko 15.000 euroko mugarekin.
  • Lerro berdeak 530.000 euroko aurrekontua dauka guztira, eta iaz 3.300 familiak baino gehiagok jaso zuten laguntzaren bat.

Hiri Berroneratzearen Sailak, SURBISAren bitartez, azaroaren 30era arte luzatu du energia berriztagarriko iturriak instalatzeko dirulaguntzak eskatzeko epea Bilboko herritar guztientzat. Zehazki, Udalak aerotermia-sistemak eta eguzki-plakak instalatzeko laguntza emango die herritarrei.

“Energia berriztagarriko iturrien erabileraren alde egiten dugu eta erabilera hori sustatzen dugu, ezinbestekoak baitira Hiri Berroneratzearen Sailak bere politiken bidez sustatzen duen trantsizio energetikorako.  Hortaz, espero dugu gero eta bilbotar gehiago animatzea eta laguntza horiek ematen duten aukeraz baliatu ahal izatea”, nabarmendu du Jon Bilbao Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotzi ordezkari eta Surbisako presidenteak.

Energia berriztagarriko iturriak instalatzeko aurrekontua 180.000 eurokoa da, eta dirulaguntza prezioaren % 50 izango da, esku-hartze mota eta eraikin bakoitzeko 15.000 euroko mugarekin. Era berean, Lerro Berdeak 530.000 euroko aurrekontua dauka guztira.

Diruz lagunduko diren energia-iturri berriztagarriei dagokienez, aerotermia nabarmentzekoa da, hau da, kanpoko airean dagoen energia berokuntza, hozketa eta ur bero sanitarioa sortzeko erabiltzen duen teknologia. Bero-ponpa baten bidez funtzionatzen du. Ponpa horrek airearen beroa ateratzen du, baita airea tenperatura baxuetan dagoenean ere, eta eraikinaren barrura transferitzen du, etxeetan eta eraikinetan klima-kontrolerako irtenbide eraginkor eta jasangarria eskaintzeko.

Bestalde, eguzki-panelak (edo modulu fotovoltaikoak) eguzki-argia elektrizitate bihurtzen duten gailuak dira. Gelaxka fotovoltaikoz osatuta daude, eguzki-argiaren fotoiak xurgatzen dituzte eta korronte elektrikoa sortzen dute.

2024 LERRO BERDEA

2024ko deialdi honetan, laguntzen Lerro Berdeak diruz lagun daitezkeen 3 jarduera-eremu ezartzen ditu:

  1. Energia-birgaikuntzako neurri pasiboak Bilboko bizitegi-eraikinetan, energia-eskaria murrizteko, energia eta dirua aurrezteko, eta erosotasuna irabazteko.
  2. Bilboko bizitegi-eraikinetan energia berriztagarrien erabilera sustatzeko neurri aktiboak. Neurri horien bidez, erregai fosilen kontsumoa murrizten laguntzen da, atmosferara isurtzen diren gas kutsatzaileak gutxituz.
  3. Erabilerarik gabeko edo erabilera txarreko, irregularreko edo abandonatutako eraikin edo espazio pribatuetan birnaturalizazioko esku-hartzeak, jarduketa berdeak eta naturalizaziokoak ezarriz, bai ingurumen-helburuak lortzeko, bai andeatutako edo hala izateko bidean dauden espazioen mantentze- eta erabilera-arazo bat berriro bideratzeko. Era berean, espazioak (eraikinen estalkiak edo fatxadak) gaitzea ere barne hartzen du, espazio natural bihurtuz haien onurarako, erabilerarako edo gozamenerako.

Laguntzen zenbatekoa % 50ekoa izango da, esku-hartze mota eta eraikin bakoitzeko 15.000 euroko mugarekin. Babestuko diren jarduketak 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera hasi behar dira, eta laguntza eskatu aurretik gauzatu behar dira.

Energia-efizientzia hobetzeko eta aurrezteko plan hau Balioen Agiriaren balioetan txertatzen da; zehazki, ingurumen-jasangarritasunari, konpromisoari eta erantzunkidetasunari, eta osasunari dagokienez. Modu berean, bat dator garapen jasangarrirako helburu hauekin: energia-pobreziarekin amaitzea, osasuna eta ongizatea, energia ez-garestia eta kutsadurarik eza, hiri eta komunitate jasangarriak, klimaren aldeko ekintza.

Iazko deialdian, 3.329 familiak jaso zuten beren eraikinen eraginkortasun energetikoa hobetzeko laguntzaren bat. 363.000 euroko zuzkidura zeukan. Laguntzen % 50 obretarako zen, 15.000 euroko muga zeukan eraikin bakoitzeko edo 1.500 euroko muga etxebizitza bakoitzeko; dokumentu tekniko-energetikoak idazteko, kostuaren % 100 ematen zen. Laguntzak barruti guztietan eman ziren, gehienak 5. barrutian, eta gero 1., 6. eta 7. barrutietan. Jarduketa babestuetarako 2.475.057 euroko inbertsioa egin zen.

HIRI BERRONERATZEAREN SAILA ETA SURBISA

Hiri Berroneratzearen Sailak osotasunezko esku-hartzea sustatzen du urian; hau da, hiri-, gizarte- eta ingurumen-gaiei erantzuten dien esku-hartzea. Horrek esan nahi du, hiria birgaitzeaz gainera, badaudela beste alderdi garrantzitsu batzuk ere, hala nola mugikortasuna, espazio publikoa, suspertze ekonomikoa, kohesio soziala, hezkuntza, kultura, enplegua, etab.

SURBISA, bestalde, udal-sozietatea da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Udal-sozietateak eremu hauetan esku hartzen du: Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Olabeaga, Zazpilanda, Uribarri eta Uretamendi.

SURBISAk helburu bi ditu: alde batetik, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitatezko etxebizitzak eskaintzea, eta, bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. SURBISAren jardunaren helburua da bizi-kalitatea bermatzea, jarduera sustatzea, eta hirira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.