• Etxea Gaztetu programa pilotu bat da, SURBISAk sustatua, helburu duena Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan belaunaldien arteko bizikidetza bultzatzea.
  • Laguntzak bakarrik bizi diren adinekoentzat dira; gehienez, 9.000 eurokoak izango dira.
  • SURBISAk baloratuko du zer-nolako premiak eta gabeziak dituen etxebizitzak eta Surbisak hautatuko du pertsona egokia bizikide izateko, bi aldeen ezaugarriak eta eskaerak kontuan hartuta.
  • 12 hilabetera arte biziko dira elkarrekin eta jabeak 350 euro jasoko ditu hilero. Bestalde, bizikidea 35 urte inguruko ikasle edo gazte profesional bat izango da.

Bilboko Udalaren Hiri Berroneratzearen Sailak, SURBISAren bitartez eta Kuvu enpresaren laguntzarekin, Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako belaunaldien arteko bizikidetzaren alde egingo du, bi helbururekin: batetik, gazteei laguntzea etxebizitza eskuragarria lortzen eta, bestetik, bakarrik bizi diren pertsonei lagun egitea.

Hain zuzen ere, Etxea Gaztetu programa pilotuaren bidez, dirulaguntzak emango ditu, bai programan parte hartzen duten eta beren etxebizitza gazteagoekin partekatzeko prest dauden adinekoen etxebizitzak birgaitzeko, bai elkarbizitzaren bitartekotza- eta tutoretza-zerbitzua betetzeko.

Horrela azaldu du gaur Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotzi ordezkari Jon Bilbaok, programaren ezaugarriak zeintzuk diren azaldu duen prentsaurrekoan: “Gaur egun, Bilboko biztanleen % 24k 65 urte edo gehiago ditu. Zahartze progresibo horren ondorioz, bakarrik bizi diren adinekoen kopurua handitu egiten da. Programa pilotu honekin belaunaldien arteko bizikidetza errazteko formulak aztertuko ditugu, bi aldeei mesede egingo diena eta adinekoei beren etxebizitzan denbora gehiagoz jarraitzeko aukera emango diena“.

SURBISA arduratuko da etxebizitzaren beharrak edo gabeziak baloratzeaz eta hura birgaitzeko laguntzak eskaintzeaz, diruz lagunduz obren zenbatekoaren % 35 -gehienez 9.000 euro- etxebizitza bakoitzeko. Era berean, bizikide nor izango den hautatuko dute, eta etengabeko jarraipena eta bitartekotza egingo dute bizikidetzak iraungo duen 12 hilabeteetan; Kuvu gizarte-enpresak emango du laguntza teknikoa.

Laguntzak emango zaizkie bakarrik bizi diren 60 urtetik gorakoei, ohiko etxebizitzaren jabe badira Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan; horiek, dirulaguntzaz gain, hilean 350 euro inguru jasoko dute errenta gisa.

Bestalde, maizterrak ikasleak edo 35 urtetik beherako profesionalak izango dira, ostatu lasaia arrazoizko prezioan bilatzen dutenak, norbere kontura bizitzen saiatzen direnak eta konfiantzazko eta bizikidetza oneko ingurune batean beste belaunaldi bateko pertsonekin bizitzeko motibazioa dutenak. Hautaketa-prozesuan jasotzen da zer espero den elkarbizitza horretatik, zeintzuk diren lerro gorriak eta zer alderdi hartu behar diren kontuan hautagai ideala aurkitzeko.

Bizikidetzak urtebeteko iraupena izango du, eta, gainera, luzatzeko aukera izango da, baldin eta bi alderdiak pozik badaude.

Bizikidetzarako laguntza-zerbitzuaren kostu osoa, urtebeteko epe horretan, Etxea Gaztetu Programak ordainduko du, bai adinekoentzat, bai horien bizikide gazteentzat. Baina, hori eskuratzeko, programaren talde teknikoak aldez aurretik azterketa bat egingo die“, gaineratu du Jon Bilbaok; horretarako, SURBISAko talde tekniko eta sozialaz gain, Kuvu gizarte-enpresaren laguntza teknikoa jasoko baitute.

Informazio gehiago nahi izanez gero edo eskaera bat egin nahi izanez gero, jarri harremanetan programarekin www.etxeagaztetu.eus webgunean, SURBISAren telefonoaren bidez (944 159 955) edo helbide elektroniko honetan: contacto@etxeagaztetu.eus. 

KUVU

Kuvu gizarte-enpresa 2019an sortu zen, Eduardo Fierro, Jon Ander eta Haize Trueba ekintzaile gazteek bultzatuta, helburu bikoitzarekin: alde batetik, bakarrik bizi diren adinekoen bizi-kalitatea hobetzea, eta, bestetik, alokairuko logelen eskaintza handitzea gazteentzat, arrazoizko prezioan.

Bere plataformaren bidez, adineko pertsonak eta ostatua bilatzen ari diren gazteak konektatzen ditu Kuvu enpresak, elkarri laguntza eta etxebizitza partekatzea sustatuz. Kuvuk nazio mailan du presentzia, elkarbizitzako 18.000 gau baino gehiago eskaini ditu, eta programak garatu ditu erakunde publikoekin, hala nola Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin. Gainera, jardunbide egokia duela aitortu diote iSocial fundazioak, Pilares Fundazioak, Granadako Unibertsitateko Belaunaldien arteko Ikasketen Katedrak, Mapfre Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak.

HIRI BERRONERATZEAREN SAILA ETA SURBISA

Hiri Berroneratzearen Sailak osotasunezko esku-hartzea sustatzen du urian; hau da, hiri-, gizarte- eta ingurumen-gaiei erantzuten dien esku-hartzea. Horrek esan nahi du uria berroneratzeaz gain, beste gai batzuk ere lantzen dituela; hala nola, mugikortasuna, eremu publikoa, ekonomia suspertzea, gizarte-kohesioa, hezkuntza, kultura, enplegua eta abar.

SURBISA, bestalde, udal-sozietatea da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Udal-sozietateak eremu hauetan esku hartzen du: Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Olabeaga, Zazpilanda, Uribarri eta Uretamendi.

SURBISAk helburu bi ditu: alde batetik, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitatezko etxebizitzak eskaintzea, eta, bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. Surbisaren jardunaren helburua da bizi-kalitatea bermatzea, jarduera sustatzea, eta hirira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.